• Izaskun  Bilbaok,  Euskadi  Europako  nazio  izateko,  ekonomia  eta  giza  garapenean  oinarritutako  euskal  bidearen  alde  egin  du  Hernanin

    Izaskun Bilbaok, Euskadi Europako nazio izateko, ekonomia eta giza garapenean oinarritutako euskal bidearen alde egin du Hernanin

    EAJ-PNVren euorparlamentaria, Izaskun Bilbao Barandica, Hernanin izan da bart arratsaldean. Eta, bertan, Euskadi Europako nazio izan dadin, ekonomia eta giza garapenean oinarritutako euskal bidearen alde egin du. “Horiek izango dira munduan zehar identitatea emango diguten oinarriak, eta Euskadi Europako nazio izatea eramango duen bide egokiena”, ziurtatu du. Europarlamentariak azaldu du, “dena estaltzen zuen indarkeria desagertuta, Europan argi gelditu dela Euskadi erreferentea dela eta interesa sortzen duen garapen eredua daukala”. Eta hori guztia, EAJren eta euskal gizateak azken 30 urtetan egin duten lanari esker lortu dela erantsi du. “Lan horri esker, Herri bideragarria garela ikusi da. Eta indar hori denboran mantentzea ezinbestekoa izango da gure nazioaren identitatea eta estatus politikoa lortzeko”, adierazi du.

    Europako Parlamentuko ALDE taldeko lehendakari ordeak, Bilbao Barandikak, bideo batzuk erabili ditu Europan egiten duen lanaren berri emateko. “Ohorea da niretzat Euskadiren ordezkaria izatea. Izan ere, parte hartzen dugun arlo guztietan topatzen ditugu Euskadirekiko interesa daukaten elkarte, lantegi eta erakundeak. Guztiek egiten dituzte ekarpenak; guztiek daukate irakasteko zerbait eta ikasteko zerbait. Azken 30 urteetan, geure Barne Produktu Gordina biderkatu dugu, geure Herria goitik behera aldatu dugu; erreferenteak gara arlo askotan. Hori guztiari esker gara ezagunak Europan, eta ondo hitz egiten dute gutaz. Gizarte bezala, identitate nabarmena daukagu Europan. Hori da euskal bidea, nazio izatera eramango gaituena, indarkeria eta testimonialismorik gabea. Hori dela eta, “more basque way” da nire leloa, euskal bide gehiago Europan nazio izan gaitezen”, jakinarazi du.

    Ildo horretan, Bilbao Barandicak azaldu du ekonomia suspertzea eta langabeziaren aurka ekitea direla bere helburu nagusiak. “Pertsonak erreskatatu eta austeritatearekin amaitu nahi dugu, Europako giza eredua eta geure identitate propioa defendatu nahi ditugu Europako erakundeetan”, gehitu du. Lan hori egiteko, behar-beharrekotzat jo du erakunde publiko eta pribatu, zein mota guztietako pertsonek egiten dituzten ekarpenak. “Horiei guztiei esker, ekarpen mordoa egin dugu Europako direktibak egiteko orduan. Eskertu egin nahi dut jaso dugun laguntza, lankidetza hori gabe, ezinezkoa zatekeelako egiten duguna egitea”, eskertu du.

    Gipuzkoan interes berezia sortzen duten eta Europan eztabaidagai diren beste zenbait gairi buruz ere hitz egin du jelztaleak Biterin eskainitako hitzaldian. Horrez gain, onartu berri den Juncker planak eta  Europako Banku Zentralak iragarri dituen neurriek lurraldean izango duten eragina ere aipatu ditu. Jarraian, luze mintzatu da hiru gai zehatzi buruz: trenbide sareko laugarren paketea, bakegintza eta hondakinen kudeaketa.

    Bilbao Barandicak gogoratu du Gipuzkoako tren industriak “pisu handia” daukala Europan. Eta, zentzu horretan, jakinarazi du berau dela, Europako Parlamentuaren izenean, trenbide sareko laugarren paketearen baitan egiten ari diren operabilitatearen inguruko txostenaren kudeatzailea. Kargu horretatik, tramiteak eta nazio mailako legeak erraztearen alde egiten ari dela esan du. Izan ere, zailtasun hauek gaindituz gero, trenen fabrikazioan lan egiten dutenek euren negozioak garatu ahal izango dituzte, bai eta zerbitzu hobe eta merkeagoak eskaini enpresa eta partikularrei. “Lan hau egiteko, ekarpen izugarri garrantzitsuak jaso ditut Gipuzkoatik, eta bukaeraraino defendatuko ditut”, aurreratu du.

    Bakegintzari dagokionez, Irlandako prozesua eredu hartuta, Europatik lan handia egiten ari direla jakinarazi du: Irlandako esperientzia eta jakituria baliagarri izango baitzaigu Euskadin ere bakea eta bizikidetza lortzeko, bai eta babes politikoa lortzeko ere. “Helburu horrekin, Peace programaren antzeko bat garatu nahi dugu hemen. Baina prozesua blokeatuta dago, eta horren ardura ez dauka, hain zuzen ere, Bruselak” salatu du. Europatik giza eskubideak bermatzeko eman diren aurrerapausoak ere nabarmendu ditu. Eta, azkenik, terrorismoaren aurka eta “dena ETA da” doktrinapean egin diren giza eskubideen urraketen salaketak aipatu ditu. Honi lotuta, gogoratu du Espainiak ez duela betetzen Europatik jaso duen agindua, alegia, presoek beste estatuetan bete dituzten zigorrak Espainiara ailegatzean deskontatzea exijitzen duena.

    Azkenik, hondakinen kudeaketaz hitz egin du,Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren lana goraipatzeko, “talde honek lortu baitu Europaraino iristea Bildu hondakinen inguruan egiten ari den kudeaketa tamalgarriaren informazioa”. “Gure alderditik egindako salaketei esker, ikerketa abiatu zuten Europan eta Aldundiak hondakinak kudeatzeko plan berri bat egiteko konpromisoa hartu zuen. Baina ez du egin, arrazoi sinple batengatik: ez daukalako nahikoa babesik erakundeetan.Bilduk aurreko legealdian onartutako plana alboratu eta konponbidea zeukan gaia arazo bihurtu du. Bilduren erruz, hondakinen gaia mehatxu eta arazo bat izango da etorkizun hurbilean”, ondorioztatu du.

     

     

    Utzi zure erantzuna →

Leave a reply

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies