• Hernaniko EAJ-PNVk ohartarazi du Bilduk kamerak jarri nahi dituela kaleetan bizilagunak zelatatu eta mugatzeko

    Hernaniko EAJ-PNVk gogor salatu du Udalak herriko kaleetan kamerak jartzeko azaldu duen asmoa. Izan ere, proiektu honen helburu bakarra bizilagunek hondakinak ‘atez ateko’ sistemaren bidez ondo ateratzen dituztela frogatzea da. Hala ez balitz, isuna jartzeko. Hernaniko Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, Andoni Amonarraizek jakinarazi du Bilduren Udal Gobernua azken prestaketak egiten ari dela kamerak herriko zenbait gunetan jartzeko. Eta kritikatu du, helburu bakarra, atez atekoa inposatu eta bost urte beranduago, herritarrak zelatatu eta mugatzea dela, EAJ-PNVren ustez, “gehiegikeria ikaragarria”.

    Bozeramaile jeltzaleak gogoratu du ezker abertzaleak kendu egin zituela segurtasuna bermatzeko herrian zeuden kamerak. Udal gobernuaren ustez, herritarren intimitatearen aurka egiten zuten kamerek. Amonarraizek jakinarazi du kamera horiek seguritate arrazoiengatik jarri zituztela, bai eta eraikinetan pintadak egitea eragozteko. Hori dela eta, “harridura” azaldu du bozeramaile jeltzaleak, ez baitu ulertzen Bilduk nola ken ditzakeen segurtasun arrazoiengatik jarritako kamerak eta berri batzuk jarri herritarrek hondakinak nola ateratzen dituzten ikusteko. EAJ-PNVren ustez  bizilagunak “zelatatu eta mugatu” nahi ditu ezker abertzaleak. “Badirudi kasu honetan helburuak ekintza justifikatu duela”, esan du ironiarekin.

    Baina Udal Gobernuaren planak haratago doaz. Izan ere, Bildu aztertzen ari da herritarrek salaketak jarri ahal izatea edozein bizilaguni hondakinak behar ez bezala ateratzen ez dituztenean, “sorginen ehiza balitz bezala”. EAJ-PNVren iritziz, “agenteen ardura eman nahi zaie herritarrei, bizilagunak, ostalariak eta merkatariak zelatatuko dituzten agente parapolizialak balira bezala”. Amonarraizek deitoratu du ezker abertzaleak gehiengo absolutua erabiltzen duela “herritarrak zapaldu eta atez atekoaren inguruan estatu parapoliziala” sortzeko. “Badirudi hori dela inporta zaien kontu bakarra”, erantsi du.

    Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak gogora ekarri die herritar, ostalari eta merkatariei atez atekoa inposatu aurretik Hernanin zegoen bilketa sistema “askoz ere merkeagoa eta sinpleagoa zela”. Zorionez, esan du, “zentzugabekeria eta kaos honekin amaitzeko aukera paregabea izango dugu maiatzean”. Amonarraizek ohartarazi du bere alderdiak inoiz ere ez dituela tankera honetako proposamen erradikalak babestuko: “EAJ-PNVk herritarrak entzun eta zentzuzko proposamenak egingo ditu”.

     

    Utzi zure erantzuna →

Leave a reply

Cancel reply

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies